XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskualtzalen-Biltzarrari buruz

Lafitte jauna,

Elgarretarat bildu giren gazte batzu mintzatu gira laster berritz ukanen dugun Eskualtzalen Biltzarraz.

Elgarri ginion ez girela geio hartarat joanen.

Huna zerendako.

Beti gauza bera da..., Han biltzen gira... Egun bat galtzen dugu... Kotisa pagatzen... Prefetari motion bat igortzen... Eta hortan fini, beste urte artio.

Ez dugu pitsik ez Dassance eta ez Labéguerie jaunen kontra... Biek egin dute, orai artio, egin bear zena...

Bainan, orai garbiki ageri da, Eskualtzalen Biltzarrak, oraiko moldetan, ez duela deus pisurik, prefetaren eta haren buruzagientzat.

Orroit gira nola Uztaritzeko Biltzarrean, Labéguerie jaunak alimaleko lana hartu zuen 800 sinadura biltzeko, heien potretean hartzeko, horien denen prefetari igortzeko... Eta zer ondorio? Deubru pitsik ez!... Edo obeki, urte hartan kendu dute eskuara bakaloreatik.

Jaz, Donapaleorat bildu ziren gurekin, eskualdun ez diren deputatu eta zenatur batzu...

Esperantza bide zuen Labéguerie jaunak, horiek guri esku emanez, zerbeit ardietsiko ginuela eskuararentzat...

Ez ote zuen ondorio obea ukanen, jaun horiekin joan balitz prefetaren mintzatzerat edo horier aiparazi balu, departamenduko kontseiluan, zerbeit egitea eskuararen alde?

Beraz, bestela bear dugu jokatu. Nola ote?...

Ez ote litake posible Eskualtzalen Biltzarra egitea multxoka, multxo guziak elgarri juntatuz, gobernu ttipi beraren pean?

Labéguerie jaunak munta lezake deputatu zenatur - kontseilari eta meren multzoa...

Enbatak baluke berea... Ikasek luke erakasleena... Gure hemengo eta urrungo ikaslek lukete beren artekoa, eta hola.

Multzo horiek egin lezakete elgarren arteko federazione bat bezala...

Multzo horien buruzagiak bil ditela elgarretarat eta erabakia har dezatela zer egin, nola egin.

Horra, jauna, zer dugun erran gure artean... Letra hau agertzen bazinu, gu segur, beste batzu ere ernatuko liezkela, sujet beraz, zuri izkiriatzerat...

Bearbada, bestek ere gu bezala beren ideia hemen agertuz, denen artean, zerbeit balios munta ginioke.